#125 - Herioaren abaroan (2023an zenduak)
Urpeko Bonbarda - En podcast af Zuzeu Podcast
urpekoBONBARDA #125Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.We Heart Music atariaren arabera, 800 inguru izan dira aurten ere zendu diren musikariak. Hauetako batzuk izan dute monografikoa gurean, eta entzungai dituzue beraiei eskainitako saioak: David Crosby folk musikariari eskainitako “Hippy hezigaitza”, Wayne Shorter jazz saxofoi jolearen omenezko “Joandakoa”, Tina Turner handiari buruzko “Perla beltza”, eta The Pogueseko kantari Shane McGowan zena ohoratzen duen “Hagin usteldun Gabonak”.Baina saio oso bat izan ez dutenen artean ere badira oso maite ditugun musikariak, eta hauexek dakartzagu orain oroimenera.Saioa jazza entzunez abiatu dugu, Carla Bley abangoardiako konposatzailearen “Life Goes On” pieza ederrarekin, eta bukaera aldera Ahmad Jamal piano jotzaileak standard bihurturiko “Poinciana” fina. Azken honen ondoren Sinead O´Connor irlandarraren ahotsean entzun dugu “Silent Night” Gabonetako kantua, saioa ixteko.Aurten zendutako emakume musikarien artean, frantziartutako Jane Birkin antzezle eta kantaria, Neil Young erraldoiaren kantu bat berrirakurtzen entzun duguna, eta Rita Lee brasildarra nabarmendu ditugu, azken hau Os Mutantes taldeko kide izana, eta bere herrialdean ezin ezagunagoa izan den izarra, ANAVITORIA bikote gaztea laguntzen entzun duguna. Baita Astrud Gilberto ere, Stan Getz eta Joao Gilbertoren bossa nova diskoan “Garota de Ipanema” ingelesez abestuz ezagun egin eta guk “Agua de Beber” kantuarekin ohoratu duguna.Gainontzean, Euskal Herriko Jonan Ordorika zein Irlandan jaio eta euskaldundutako Alan Griffin albokari eta txirularia nabarmendu ditugu azken honek sortu zuen Alboka taldearen ahaire bat entzunda.Ska musikaren garapenean ezinbestekoa izan den The Skatalites taldeko sortzaile Lester Sterling saxofoi jole jamaikarra ere izan dugu gogoan, beste bi kantautore hauek bezala: Gordon Lightfoot, Txomin Artolak kantatu zuen “Goizeko euri artean” kantauren jatorrizkoa ondu zuen kanadarra, eta Sixto Rodriguez, ahanzturatik “Searching for Sugar Man” dokumentalak atera zuen mexikar jatorridun kantari estatubatuarra.Bukatzeko, rock musikari handi bi: Yardbirds taldeko gitarra jole izandako Jeff Beck itzaltsua bata, 2018an Euskal Herriko Music Legends festibalean jo zuena, eta iaz Jazzaldian kantatu zuen Joss Stonekin batera entzun duguna; eta Tom Verlaine herabea bestea, Television kultuzko taldea gidatu zuen gitarra jolea, besteak beste Azkena Rock jaialdian zuzenean entzun izan duguna. ★ Support this podcast on Patreon ★